II. Jardunaldiak Berria Egunkarian

2012-12-15

Arabiar andreek ez dute estatu laikorik

‘Emakumeen eskubideak eta estatu laikoa’ izenpean, jardunaldiak egin dituzte Donostian. Eman A. Khamasek Irakeko egoera larriaz ohartarazi du, eta Teresa Maldonadok Frantziako sistema jo du eredugarritzat.

JON ESKUDERO DONOSTIA

Maldonado eta Khamas, Donostiako Emakumeen Etxean. / J. URBE / ARP

Ez dago estatu laiko bakar bat ere arabiar herrialdeetan. Islama da erlijio ofiziala». Hitz horiekin hasi zituen Eman A. Khamas irakiarrak Donostiako Emakumeen Etxeak antolaturiko jardunaldiak, herenegun.Emakumeen eskubideak eta estatu laikoa izenpean, bi andrek jardun zuten euren esperientziak eta iritziak kontatzen: Khamas berak eta Teresa Maldonadok, militante feministak. Emakumeen begietatik estatuen laikotasuna nola ikusten duten azaldu zuten.

Emakumeen eskubideek txarrerako bidea hartu dute aspaldian Iraken, Khamasen hitzetan: «Saddam Hussein boterean zela, andre irakiarrok nahiko egoera onean geunden. Estatu laiko bat osatzeko zuen interesen barruan geunden emakumeok, hainbat lan egiteko egokiak ginelako. Hura bota zutenean, ordea, gure aurkako erasoak hasi zituzten».

Emakumeen eskubiden aldeko ideia XX. mende hasieran sortu zen Iraken. 1940ko hamarkadan britainiarren aurka egin eta monarkia ezabatu zutenean, emakumearen eginkizunaren garrantziaz jabetzen hasi ziren.

1963an nazionalistak iritsi ziren gobernura: «Komunistek emakumea eta gizona maila berean jarri zuten oinordekotzari zegokionez, baina nazionalistek ezabatu egin zuten». Geroztik, indarrean egon izan den alderdi politikoaren esku egon dira andreen eskubideak. 1968an estatu kolpe bat izan zen, eta Baas alderdia jarri zen agintean: «Prozesu aldaketa asko gertatu ziren emakumeari eragin ziotenak. Estatu pertsonalari aldaketak egin zizkioten, eta gizonak zigortzen hasi ziren».

Irakek Iranen aurkako gerrari ekin zion1980an, eta emakumeen egoera errotik aldatu zen. Kargu politikoetan zeuden andreak bota egin zituzten, eta aurrez egiten zituzten hainbat lanetatik aldendu zituzten: medikuntza arlotik, erizaintzatik… «Emakumea etxeko ama izatera igaro zen berriz. Zailtasun ekonomikoak izan genituen garai hartan, giro erlijiosoa areagotu egin zen Iraken. Hussein ohitura islamikoak babesten hasi zen». Maldonadok nabarmendu zuen garai horretan emakume irakiar askok egin zutela borroka egoeraren kontra.

Hussein gabe, okerrago 

2003. urtean AEB Amerikako Estatu Batuek Iraken kontra egin zuten. Khamas: «Aurrez lorturiko laikotasun guztiak atzera egin zuen orduan. Ez zuten onartzen islamismoa ez zen beste ezer. Dibortzioa, ezkontza eta oinordetza arautuko zituen estatutu pertsonala erlijioaren barruan geratuko ziren».

Emakumeen askapenaren eta eskubideen alde lan egingo zuela agindu zuten AEBek, hitz emandakoa bete ez arren: «1940 eta 1970eko hamarkaden artean andreek lortutako eskubideak errekara joan ziren AEBen etorrerarekin. Egun herritartasunaren kontzeptua galduta dago, eta pentsaera ezberdinetako jendea bizi da Iraken». Emakume asko erasoak jasaten ari dira egunero, agintariek nahi adinako pentsaera islamikoa erakusten ez dutelako; horregatik, gero eta gehiago dira ideologia horren alde egiten duten andreak. Dena den, oraindik badira «elkarte laiko batzuk» horri aurre egiten ari direnak, nahiz eta «bizitza jokoan» izan.

Maldonadoren arabera, onartezina da Irakeko egoera: «Erlijioa jendaurrean azaldu beharreko zerbait da. Izan ere, laikotasuna kontzientzia askatasunarekin lotzen dut nik, eta hori urratzea larria da». Sistema eredugarria Frantziakoa da, Maldonadoren ustez. «Frantzian laikotasuna arrazionalismoarekin lotzen dute, eta hori egokia da».

 

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: